5 Aldi hartan, Siriako errege Retzin eta Israelgo errege Pekah, Ramaliasen semea, Jerusalemen kontra borrokara igo ziren; Akaz setiatu zuten, baina ezin izan zuten hiria hartu.
6 Aldi berean, Siriako errege Retzinek Elat hiria berreskuratu zuen siriarrentzat; juduak Elatetik bota ondoren, edomdarrak kokatu ziren bertan, eta han bizi dira gaurdaino.
7 Orduan, Akazek mezulariak bidali zizkion Asiriako errege Tiglat-Pileserri mezu honekin: «Zeure zerbitzari eta menpeko nauzu; zatoz eta salba nazazu eraso didaten Siriako eta Israelgo erregeen eskuetatik».
8 Hartu zituen Akazek Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegian zeuden urre-zilarrak eta Asiriako erregeari bidali zizkion esku-erakutsi bezala.
9 Asiriako erregeak, eskari hura entzunik, eraso eta hartu egin zuen Damasko; hango bizilagunak Kir-era deserriratu zituen, eta Retzin erregea hil.
10 Akaz Damaskora joan zen Asiriako errege Tiglat-Pileser ikustatzera. Orduan, ikusi zuen Damaskoko aldarea, eta beronen neurri-egiturak bidali zizkion Urias apaizari, nolakoa egin jakiteko.
11 Urias apaizak, beraz, Akaz erregeak Damaskotik bidali zion ereduaren arabera egin zuen aldarea, Akaz erregea itzuli baino lehen.