15 Gutxietsi egin zituzten bai beraien gurasoekin Jaunak egin zuen ituna, bai eman zizkien burubideak ere. Horrela, idolo hutsalen ondoren joanez, hutsal bihurtu ziren beraiek ere. Inguruko herrien antzeko egin ziren, Jainkoak haien antzera ez jokatzeko agindu zien arren.
16 Jaunaren, beren Jainkoaren, aginduak baztertuz, bi zekor-irudi egin zituzten, baita zutoin sakratua ere; izarren aurrean ahuspeztu ziren eta Baal jainkoa gurtu zuten.
17 Beren seme-alabak oparitzat eskaini zituzten, sutan errez; igarpenak eta aztikeriak egin zituzten eta Jaunari atsegin ez zaiona egitera emanak ibili ziren, Jauna haserraraziz.
18 Biziki haserretu zen, bai, Jauna Israelen kontra, eta horregatik bota zituen bere begien aurretik. Judaren leinua baizik ez zen gelditu.
19 Judak ere, ordea, Jaunaren, bere Jainkoaren, aginduak bete ordez, Israelen erara jokatu zuen.
20 Horregatik, Jaunak zapuztu egin zuen Israelen jatorri osoa, makurrarazi, lapurren esku utziz, eta, azkenean, bere begien aurretik bota.
21 Israelek, Daviden erreinutik bereizi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege honek aldendu egin zuen Israel Jaunaren esanetatik, bekatu handia eginaraziz.