20 Horregatik, Jaunak zapuztu egin zuen Israelen jatorri osoa, makurrarazi, lapurren esku utziz, eta, azkenean, bere begien aurretik bota.
21 Israelek, Daviden erreinutik bereizi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege honek aldendu egin zuen Israel Jaunaren esanetatik, bekatu handia eginaraziz.
22 Jeroboamek eginiko bekatu guztiak egin zituzten israeldarrek ere, bekatu horietatik ezertan urrundu gabe.
23 Horregatik, bota egin zituen Jaunak bere aurretik, bere zerbitzari profeta guztien bidez esana zien bezala. Erbesteratu egin zuen Israel bere lurraldetik Asiriara gaurdaino.
24 Asiriako erregeak Babilonia, Kut, Aba, Hamat eta Sefarbaim hirietako jendea hartu eta Samariako hirietan kokarazi zuen, israeldarren tokian. Jende hura, Samariaz jabeturik, bertako hirietan bizi izan zen.
25 Samarian bizitzen hastean, arrotz haiek ez zuten Jauna gurtzen; orduan, Jaunak lehoiak bidali zizkien, jendea hiltzeko.
26 Jakinarazi zioten Asiriako erregeari, Samariako hirietara eraman eta bertan kokarazi zuen jende hark ez zekiela nola gurtu bertako jainkoa; horregatik, jainko hark lehoiak bidali eta hauek hil egiten zutela jendea, bertako jainkoa nola gurtu ez zekielako.