26 Jakinarazi zioten Asiriako erregeari, Samariako hirietara eraman eta bertan kokarazi zuen jende hark ez zekiela nola gurtu bertako jainkoa; horregatik, jainko hark lehoiak bidali eta hauek hil egiten zutela jendea, bertako jainkoa nola gurtu ez zekielako.
27 Orduan, Asiriako erregeak agindu zuen: «Eraman Samariara bertatik erbesteratu zenituzten apaizetarik bat; bizi dadila bertan eta irakats diezaiola jendeari bertako jainkoa gurtzen».
28 Etorri zen, beraz, Samariatik erbesteratu zituzten apaizetarik bat eta, Betelen finkatuz, Jauna nola gurtu irakasten zion jendeari.
29 Hala ere, jende arrotz hark, bizi zen hiri guztietan, nork bere jainkoen irudiak egin eta samariarrek muinoetan eraikitako jauretxeetan ezarri zituen.
30 Babiloniako jendeak Sukot-Benot bere jainkoaren irudia egin zuen, Kutekoek Nergal-ena, Hamatekoek Axima-rena,
31 Abakoek Nibhaz eta Tartak-enak; Sefarbaimgoek beren jainko Adram-Melek eta Anam-Meleken ohoretan beren seme-alabak erre ohi zituzten sutan.
32 Denbora berean, Jauna ere gurtu ohi zuten. Kultu-lekuetako apaizak izendatu zituzten beren artetik, muinoetako jauretxeetan apaiz-zerbitzua egin zezaten.