3 Asiriako errege Salmanasarrek eraso egin zion Israelgoari eta Oseasek haren menpeko egin behar izan zuen, zerga ordainduz.
4 Baina gerora, Asiriako erregea ohartu zen Oseas azpilanean ari zela, Egiptoko errege So-ri mandatariak bidaliz eta, gainera, urteroko zerga ordaindu gabe utziz. Orduan, Asiriako erregeak atxilotu egin zuen Oseas eta giltzapean sartu.
5 Ondoren, lurralde osoari eraso zion, baita Samaria hiriburuari ere, hiru urtez setiatuz.
6 Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtean, Asiriako erregea Samariaz jabetu eta Asiriara erbesteratu zituen israeldarrak, Halah deritzan lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokaraziz.
7 Jaunak, beraien Jainkoak, atereak zituen israeldarrak Egipto lurraldetik eta hango errege faraoiaren menpetik. Baina bekatu egin zuten Jainkoaren kontra, jainko arrotzak adoratuz. Horregatik bidali zien Jainkoak israeldarrei halako hondamendia.
8 Izan ere, Jaunak beraien aurretik bota zituen herrien ohiturak eta Israelgo erregeek ezarritako arauak hartu zituzten israeldarrek.
9 Egin behar ez liratekeen gauzak egin zituzten israeldarrek Jaunaren, beren Jainkoaren, aurka: sasikultuak antolatu zituzten hiri guztietan, baita zaintzaileen dorreetan eta gotorlekuetan ere.