33 Horrela, beraz, gurtzen zuten Jauna; baina, erbesteratu baino lehen beren jatorrizko hirietan zituzten kultuen arabera, beren jainkoak ere gurtu ohi zituzten.
34 Egundaino eutsi diete beren ohitura zaharrei; ez dute gurtzen Jauna, ez dituzte betetzen honen arauak, ezta erabakiak ere; ez dute jokatzen Jaunak Jakoben ondorengoei emaniko lege eta aginduen arabera —Jakobi ezarri zion Jaunak Israel izena—.
35 Haiekin zuen egina Jaunak ituna eta haiei zien honako agindu hau emana: «Ez duzue beste jainkorik gurtuko; ez zarete halakoen aitzinean ahuspeztuko. Ez diezue kulturik emango, ez oparirik eskainiko.
36 Indar handiz eta esku ahaltsuz Egiptotik etorrarazi zintuzten Jauna gurtuko duzue eta honen aurrean ahuspeztuko zarete; berari eskainiko dizkiozue opariak.
37 Egunero bete behar dituzue berak zuentzat idatzi dituen arau, erabaki, lege eta aginduak. Eta ez duzue beste jainkorik gurtuko.
38 Ez ahaztu zuekin egin duen ituna. Ez duzue beste jainkorik gurtuko.
39 Jauna, zeuen Jainkoa, gurtuko duzue eta berak libratuko zaituzte etsai guztien eskuetatik».