7 Jaunak, beraien Jainkoak, atereak zituen israeldarrak Egipto lurraldetik eta hango errege faraoiaren menpetik. Baina bekatu egin zuten Jainkoaren kontra, jainko arrotzak adoratuz. Horregatik bidali zien Jainkoak israeldarrei halako hondamendia.
8 Izan ere, Jaunak beraien aurretik bota zituen herrien ohiturak eta Israelgo erregeek ezarritako arauak hartu zituzten israeldarrek.
9 Egin behar ez liratekeen gauzak egin zituzten israeldarrek Jaunaren, beren Jainkoaren, aurka: sasikultuak antolatu zituzten hiri guztietan, baita zaintzaileen dorreetan eta gotorlekuetan ere.
10 Zutarri eta zutoin sakratuak ezarri zituzten muino guztietan eta zuhaitz handi guztien azpian;
11 eta halako kultu-lekuetan intsentsua erre zuten, Jaunak beraien aurretik egotziak zituen herrien antzera.
12 Gaizki jokatu zuten, Jauna haserretzeraino, Jaunak galarazi ziena egin baitzuten: idoloak gurtu.
13 Esana zien Jaunak, bere profeta eta ikusle guztien bidez, Israeli eta Judari: «Itzul zaitezte zeuen bide gaiztoetatik; bete itzazue nire agindu eta arauak, zuen arbasoei eman eta ene zerbitzari profeten bitartez adierazi dizuedan irakaspenaren arabera».