1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko».
2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari:
3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki.
4 Orduan, esan zion Jaunak Isaiasi, hau jauregitik tenplua bitartean zelarik:
5 «Itzul zaitez eta esan ene herriaren buruzagi den Ezekiasi: “Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Sendatu egingo zaitut. Hiru egun barru igo ahal izango zara Jaunaren etxera.
6 Beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik”».