7 Orduan, Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta, zauriaren gainean ezarri ziotelarik, sendatu egin zen.
8 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi:—Zein izango dut ezaugarria, Jaunak sendatuko nauela eta hiru egunen buruan Jaunaren etxera igo ahal izango naizela jakiteko?
9 Isaiasek erantzun:—Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: zer duzu nahiago, itzalak hamar maila gora ala behera egitea?
10 Ezekiasek esan zuen:—Erraza da itzalak hamar maila behera egitea; ez, ordea, gora egitea.
11 Orduan, Isaias profetak otoitz egin zion Jaunari eta ordurako jaitsiak zituen hamar mailak berriro igoarazi zizkion Jaunak itzalari Akazen mailadian.
12 Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaluak bidali zizkion.
13 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain gozoko olioak, erakutsi zizkien, baita bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan.