11 «Judako errege Manasesek bere aurretiko amortarrek baino egintza higuingarriagoak egin dituenez eta, sasijainkoak direla eta, judatarrei bekatu eginarazi dienez,
12 hona zer diodan nik, Jaunak, Israelen Jainko honek: Hondamen izugarria bidaliko dut Jerusalem eta Judaren kontra; entzun dezaten guztiei bi belarriek durundi egingo diete.
13 Samaria eta Akaben etxea neurtu nituen neurriz neurtuko dut Jerusalem ere; marruskatu egingo dut Jerusalem, garbitzeko alde batetik eta bestetik platera marruskatu ohi den bezala.
14 Ene herri Israelen azken zatia dudan Juda ere utzi egingo dut eta etsaien eskuetara emango, berauen harrapakin izan dadin.
15 Niri atsegin ez zaidana egin baitute eta, beraien gurasoak Egiptotik atera zirenetik gaurdaino, haserrarazi baizik ez didate egin».
16 Jaunari atsegin ez zaion bezala jokatzera behartuz Judari eginarazi zion bekatuaz gainera, Manasesek hainbeste lagun errugabe hilarazi zuen, ezen Jerusalem osoa, alderik alde, odolez bete baitzuen.
17 Manasesen gainerako jarduerak, egintza guztiak eta egin zuen bekatua «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.