8 Ez dut Israel bere arbasoei eman nien lurraldetik urrun ibilaraziko, baldin eta agindu diedana eta ene zerbitzari Moisesek eman zien irakaspena osorik betetzen badute».
9 Haiek, aldiz, ez zuten aditu, eta Manasesek eginarazi zien okerra, antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriena baino askoz handiagoa izan zen.
10 Orduan, honela mintzatu zen Jauna bere zerbitzari profeten bidez:
11 «Judako errege Manasesek bere aurretiko amortarrek baino egintza higuingarriagoak egin dituenez eta, sasijainkoak direla eta, judatarrei bekatu eginarazi dienez,
12 hona zer diodan nik, Jaunak, Israelen Jainko honek: Hondamen izugarria bidaliko dut Jerusalem eta Judaren kontra; entzun dezaten guztiei bi belarriek durundi egingo diete.
13 Samaria eta Akaben etxea neurtu nituen neurriz neurtuko dut Jerusalem ere; marruskatu egingo dut Jerusalem, garbitzeko alde batetik eta bestetik platera marruskatu ohi den bezala.
14 Ene herri Israelen azken zatia dudan Juda ere utzi egingo dut eta etsaien eskuetara emango, berauen harrapakin izan dadin.