2 Erregeak 23:11-17 EABD

11 Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.

12 Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurti zituen puskak.

13 Jerusalemgo ekialdean eta Oliamendiko hegoaldera zeuden kultu-lekuak ere profanatu zituen Josiasek; kultu-leku haiek Israelgo errege Salomonek eraikiak ziren sidondarren jainkosa zen Astarteren irudi higuingarriari, moabdarren jainko zen Kemoxen irudi nazkagarriari eta amondarren jainko zen Milkomen irudi nardagarriari kultu emateko.

14 Zutarri sakratuak ere hautsi zituen, zutoin sakratuak puskatu eta giza hezurrez bete haiek utzitako zuloak.

15 Betelen zegoen kultu-lekuko aldarea ere desegin zuen Josiasek; kultu-leku hau Israel herriari bekatu eginarazteko eraikia zuen Nebaten seme Jeroboamek. Josiasek su eman zion kultu-leku hari eta aldarea hautsi, dena errauts bihurtuz; zutoin sakratua ere erre egin zuen.

16 Itzultzean, mendian barrena zeuden hilobiak begiztatu zituen Josiasek, eta hilobi haietako hezurrak hartu eta aldare gainean erretzeko agindu zuen. Horrela profanatu zuen aldare hura. Hala agindua zuen Jaunak, gauza hauek hots egin zituen profetaren bidez.

17 Hortan, Josiasek galdetu zuen:—Zer da ikusten ari naizen oroitarri hura?Hiriko jendeak erantzun:—Judatik etorri eta zuk Betelgo aldarearen kontra egindakoa iragarri zuen profetaren hilobia da.