27 Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».
28 Josiasen gainerako jarduerak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
29 Josiasen egunetan Egiptoko erregea, Neko faraoia, Asiriako erregeari laguntzera joan zen Eufrates ibai ingurura. Josiasek aurre egin zion faraoiari, baina honek, borrokan hasi orduko, hil egin zuen Josias Megidon.
30 Ofizialek Megidotik Jerusalemera guda-gurdi batean gorpua eraman eta bere hilobian lur eman zioten Josiasi. Orduan, herriko jendeak Josiasen seme Joakaz gantzutu eta izendatu zuen errege, bere aitaren ordez.
31 Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
32 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aurrekoek bezala.
33 Neko faraoiak giltzapetu egin zuen Hamat lurraldeko Ribla hirian, Jerusalemgo errege izatea kenduz. Gero, zerga ezarri zion Judari: hiru mila kilo zilar eta hogeita hamabost kilo urre ordaindu behar zuten.