8 Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Josue gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.
9 Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamia gabeko ogia.
10 Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.
11 Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.
12 Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurti zituen puskak.
13 Jerusalemgo ekialdean eta Oliamendiko hegoaldera zeuden kultu-lekuak ere profanatu zituen Josiasek; kultu-leku haiek Israelgo errege Salomonek eraikiak ziren sidondarren jainkosa zen Astarteren irudi higuingarriari, moabdarren jainko zen Kemoxen irudi nazkagarriari eta amondarren jainko zen Milkomen irudi nardagarriari kultu emateko.
14 Zutarri sakratuak ere hautsi zituen, zutoin sakratuak puskatu eta giza hezurrez bete haiek utzitako zuloak.