7 Egiptoko erregea ez zen aurrerantzean bere lurraldetik atera; izan ere, lehen, Egiptoko muga-errekatik Eufrates ibairaino, egiptoarren menpe egoniko guztia, orain Babiloniako erregearen menpe zegoen.
8 Hemezortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta zuen izena eta Jerusalemgo Elnatanen alaba zen.
9 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Joiakinek, gauza guztietan bere aitak bezalaxe jokatuz.
10 Aldi hartan, Babiloniako errege Nabukodonosorren ofizialek Jerusalemen kontra igo eta setiatu egin zuten.
11 Horretan ari zirela, Babiloniako errege Nabukodonosor bera heldu zen.
12 Orduan, Judako errege Joiakin Babiloniako erregeari menderatu egin zitzaion, bere ama, ofizial, buruzagi eta funtzionarioekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu zuen. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zen.
13 Jaunak esana zuenez, Jaunaren etxeko eta jauregiko altxor guztiak eraman zituen Nabukodonosorrek, eta Israelgo errege Salomonek Jaunaren tenplurako egin zituen urrezko tresna guztiak hautsi.