1 Naaman Siriako erregearen gudalburu nagusia zen. Gizon handitzat zuen bere nagusiak eta oso begiko, haren bidez Jaunak siriarrei garaipena eman zielako. Baina gizon kementsu eta adoretsu hark gaitz bat zuen: legena.
2 Siriarrek, erasoa egin zuten batean, Israelgo neskato bat eraman zuten gatibu. Naamanen emazteak bere mirabe egin zuen.
3 Egun batez, esan zion neskak etxekoandreari:—Nire nagusiari, Samariako profetagana joango balitz, hark sendatuko lioke legena.
4 Naamanek bere jaunari adierazi zion hori:—Hau eta hau dio Israelgo neskato hark.
5 Siriako erregeak erantzun zion:—Tira, zoaz, bada! Gutuna emango dizut Israelgo erregearentzat.Abiatu zen, beraz, Naaman hirurehun eta berrogeita hamarren bat kilo zilar, urrezko sei mila txanpon eta hamar jantzi-sorta berekin zeramatzala.
6 Naamanek Israelgo erregeari eman zion gutunak hau zioen: «Gutun hau eramanez Naaman neure gudalburua bidaltzen dizut, legena senda diezaiozun».