17 Naamanek, orduan:—Deus ere hartu nahi ez duzunez, emadazu bederen bi mandok eraman dezaketen bezainbat lur; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik inolako jainkori eskainiko Jaunari baizik.
18 Baina barkatuko al dit hauxe Jaunak: nire nagusia, niri besotik heldurik, Rimon jainkoa bere jauretxean gurtzera sartzean, nik ere harekin batera ahuspeztu beharra izatea. Barkatuko al dit Jaunak ekintza hori!
19 Eliseok erantzun:—Zoaz bakean.Naaman Eliseogandik puska bat urrundu zelarik,
20 Gehazik, Jainkoaren gizon zen Eliseoren morroiak, hau zioen bere baitan: «Bigunegia izan da nire jauna Naaman siriar horrekin. Ez dio deus ere hartu nahi izan. Ala Jauna! Noan bizkor beraren atzetik, ea ematen didan zerbait».
21 Abiatu zen, beraz, bizkor Gehazi Naamanen ondoren eta hau, atzetik zetorkiola ikustean, gurditik salto batez jaitsi eta bila joan zitzaion, esanez:—Zer dugu?
22 Gehazik esan zion:—Hara, neure jaunak bidali nau zuregana esatera, oraintxe etorri zaizkiola Efraimgo menditik profeten taldeko bi mutil gazte, eta haientzat hogeita hamabost kilo zilar eta bi soineko berri emateko, mesedez.
23 Naamanek erantzun:—Har itzazu, bai, hirurogeita hamar kilo zilar.Eta hartzeko esaten zion behin eta berriro. Sartu zituen Naamanek bi zakutan hirurogeita hamar kilo zilar haiek eta bi soineko berri, eta bere bi morroiri eman zizkien Gehaziri eramateko.