7 Israelgo erregeak, gutuna irakurtzean, jantziak urratu eta esan zuen:—Jainkoa ote naiz, bada, ni, heriotza nahiz bizia emateko? Legena senda diezaiodan igorri omen dit gizon hau. Ikusazue nola dabilen aitzakia bila nire kontra oldartzeko.
8 Eliseok, Jainkoaren gizonak, jakin zuen Israelgo erregeak jantziak urratu zituela eta mandatu hau bidali zion: «Zergatik urratu dituzu jantziak? Datorrela niregana gizon hori eta jakinen du badela profetarik Israelen».
9 Joan zen, beraz, Naaman bere zaldi, guda-gurdi eta guzti, eta Eliseoren etxeko ate aurrean gelditu zen.
10 Eliseok mandataria bidali zion esatera: «Zoaz eta busti zaitez zazpi aldiz Jordan ibaian; gaitza sendatu eta garbi geldituko zara».
11 Naamanek, haserreturik, alde egiteko asmoz esan zuen:—Uste nuen bera aterako zela eta, zutik, Jaunari, bere Jainkoari, otoitz egingo ziola, gaixorik dudan alderdia eskuz igurtzi eta sendatuko zidala legena.
12 Damaskoko Abana eta Parpar ibaiak ez ote dira, bada, Israelgo ur guztiak baino hobeak? Ez ote nintekeen horietan busti, gaitza sendatzeko?Eta alde egin zuen handik haserre.
13 Morroiak, ordea, hurbildu eta honela mintzatu zitzaizkion:—Ene aita, profetak gauza zailen bat agindu izan balizu ere, ez al zenukeen egingo? «Busti zaitez eta garbi geldituko zara» besterik ez dizu esan. Zergatik ez egin?