2 Erregearen laguntzaile nagusiak, ordea, esan zion Jainkoaren gizonari:—Jaunak zeruko atexkak irekiko balitu ere, gertatuko ote litzateke horrelakorik?Eliseok ihardetsi zion:—Zeuk ikusiko duzu zeure begiz, baina ez duzu hartatik jango.
3 Hiri-sarreran lau gizon legendun zeuden elkarri esaten:—Hemen egon behar al dugu hil arte?
4 Hirian sartzen bagara, hor gosea besterik ez dago eta hil egingo gara. Hemen gelditzen bagara ere, hil egingo gara. Goazen siriarren kanpalekura. Bizirik uzten bagaituzte, bizirik; hiltzen bagaituzte, hilik.
5 Ilunabarrean siriarren kanpalekura abiatu ziren. Kanpaleku-ertzera heltzean, inor ere ez zegoela ikusi zuten.
6 Izan ere, Jaunak gurdi- eta zaldi-hotsa eta gudaroste handi batena bezalako burrunba entzunarazi zien siriarrei kanpalekuan, eta esan zioten elkarri: «Israelgo erregeak ordaindu egingo zien hitita eta egiptoar erregeei gure kontra oldartzeko».
7 Beraz, arrats hartan ihesi joanak ziren, beren oihal-etxola, zaldi, asto eta kanpalekua bera ere zegoen zegoenean utziz. Ihes egin zuten, bizia salbatzearren.
8 Legendun haiek, kanpaleku-ertzera heltzean, oihal-etxola batean sartu eta bapo jan eta edan zuten. Gero, zilarra, urrea eta jantziak harturik, gorde egin zituzten. Berriro itzuli, beste oihal-etxola batean sartu eta handik ere gauza asko harturik, gorde egin zituzten.