5 Ilunabarrean siriarren kanpalekura abiatu ziren. Kanpaleku-ertzera heltzean, inor ere ez zegoela ikusi zuten.
6 Izan ere, Jaunak gurdi- eta zaldi-hotsa eta gudaroste handi batena bezalako burrunba entzunarazi zien siriarrei kanpalekuan, eta esan zioten elkarri: «Israelgo erregeak ordaindu egingo zien hitita eta egiptoar erregeei gure kontra oldartzeko».
7 Beraz, arrats hartan ihesi joanak ziren, beren oihal-etxola, zaldi, asto eta kanpalekua bera ere zegoen zegoenean utziz. Ihes egin zuten, bizia salbatzearren.
8 Legendun haiek, kanpaleku-ertzera heltzean, oihal-etxola batean sartu eta bapo jan eta edan zuten. Gero, zilarra, urrea eta jantziak harturik, gorde egin zituzten. Berriro itzuli, beste oihal-etxola batean sartu eta handik ere gauza asko harturik, gorde egin zituzten.
9 Gero, esan zioten elkarri:—Ez gara ongi ari. Berri ona izan dugu gaur eta gu hemen deus ere esan gabe. Eguna argitu arte isilik bagaude, Jainkoak zigortu egingo gaitu. Goazen, beraz, erregearen jauregira berri ematera.
10 Hirira heltzean, oihu egin zieten atezainei eta berri eman, esanez:—Siriarren kanpalekuan izan gara, eta han ez dago inor; ez da giza hotsik aditzen. Zaldiak eta astoak lotuak eta oihal-etxolak zeuden zeudenean utziak besterik ez dago han.
11 Atezainek barnera oihu egin eta jauregiraino zabaldu zuten berria.