2 Jainkoaren gizonak esan bezala egin zuen emakumeak, eta zazpi urtez filistearren lurraldean bizi izan zen, atzerritar gisa.
3 Zazpi urteren buruan, itzuli zen emakumea filistearren lurraldetik eta erregeagana jo zuen, bere etxea eta alorra itzultzeko eskatuz.
4 Une hartantxe ari zen hizketan erregea Gehazirekin, Jainkoaren gizonaren morroiarekin, Eliseok eginiko gauza harrigarri guztiei buruz.
5 Eliseok hildako bat piztu zuela Gehazi kontatzen ari zenean, han agertu zen Eliseok semea bizirik itzuli zion emakume huraxe, bere etxea eta alorra berriro emateko erregeari eskatzera. Gehazik esan zuen:—Ene errege jauna, hauexek dituzu aipatzen ari nintzaizun emakumea eta Eliseok biziarazi zion semea.
6 Erregeak galderak egin zizkion emakumeari eta honek bere arazoa adierazi zion. Erregeak funtzionario bat izendatu zion, hau aginduz:—Itzul diezaiotela emakume honi hemendik joatean berea zuen guztia, baita alorrak geroztik eman duen guztia ere.
7 Behinola, Eliseo Damaskora joan zen. Siriako errege Ben-Hadad gaixo zegoen. Jainkoaren gizona etorria zela jakinarazi ziotenean,
8 hau agindu zion erregeak Hazael zeritzan bati:—Hartzazu esku-erakutsiren bat eta zoaz Jainkoaren gizonaren bila. Eta horren bitartez egin kontsulta Jaunari ea bizirik aterako naizen gaixoaldi honetatik.