9 Damaskoko gauza hoberenetarik erregaluak —berrogei gameluk eraman zezaketen zama— harturik, Eliseoren bila atera zen Hazael. Profetaren aitzinera agertuz, esan zion:—Siriako errege Ben-Hadad zure zerbitzariak bidali nau zuregana, gaixoalditik bizirik aterako den galdetzera.
10 Eliseok erantzun:—Joan eta esan baietz, sendatuko dela; egiaz, ordea, hil egingo dela jakinarazi dit Jaunak.
11 Bat-batean, Eliseo aurpegia gogor eta begirada zorrotz zituela gelditu zen luzaro; gero, negarrari eman zion Jainkoaren gizonak.
12 Hazaelek galdetu zion:—Zergatik ari zara negarrez, ene jauna?Eliseok erantzun:—Badakidalako nolako kaltea eginen diezun israeldarrei: su emango diezu haien gotorlekuei, ezpataz hilko dituzu haien gazteak, harrien kontra botako haien haurtxoak, sabela irekiko diezu hango emakume haurdunei.
13 Hazaelek ihardetsi zuen:—Ni ez naiz inor halakoak egiteko.Eliseok, orduan:—Siriako errege izanen zarela agertu dit Jaunak.
14 Hazael Eliseogandik alde egin eta bere jaunarengana joan zen. Erregeak galdetu zion:—Zer esan dizu Eliseok?Hazaelek erantzun:—Baietz, sendatuko zarela.
15 Biharamunean, ordea, ohazal bat hartu, uretan busti eta aurpegian ezarri zion erregeari Hazaelek. Erregea hil egin zen, eta ondorengo erregea Hazael izan zen.