11 Bere jaunaren buruzagiak bildurik zeuden gelara joan zenean, galdetu zioten Jehuri:—Berri onak? Zertara etorri zaizu zoro hori?Jehuk erantzun:—Zeuek dakizue nor den gizon hori eta nolako kontuak izaten dituen.
12 Haiek esan zioten:—Gezurra. Esaguzu zer zioen.Jehuk, orduan:—Tira, bada; hauxe esan dit: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege gantzutzen zaitut».
13 Orduan, nork bere soingainekoa bizkor hartu eta haren oinazpian ipini zuen, eskailera-mailetan. Eta adarra joz, deiadar egin zuten: «Gora Jehu erregea!»
14 Josafaten seme Nimxiren biloba zen Jehu azpilanean hasi zen Joramen kontra. Aldi hartan Joram, israeldar guztiekin, Galaadeko Ramot Siriako errege Hazaelengandik defendatzen ari zen.
15 Baina Izreelera joan beharrean gertatu zen Joram, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin zizkioten zauriak sendatzera. Jehuk esan zien bere ofizialkideei:—Nire alde baldin bazaudete, ez dezala inork ere ihes egin hiri honetatik, egin dugunaren berri Izreelera eramatera.
16 Jehu bere guda-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.
17 Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:—Gudari-talde bat ageri da han!Joramek agindu zuen:—Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.