3 Gero, hartu pitxerra eta isuri olioa haren buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege izateko gantzutzen zaitut». Ondoren, ireki atea eta egin ihes gelditu gabe.
4 Abiatu zen, beraz, profeta gaztea Galaadeko Ramoterantz.
5 Heldu zenean, bildurik zeuden gudalburuak. Profetak esan zion buruzagiari:—Gauza bat dut esateko, jauna.Jehuk galdetu zuen:—Gutariko zeini?Eta profetak:—Zuri.
6 Jehu jaiki eta etxean sartu zen. Orduan, profetak olioa isuri zion buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Ene herri Israelen errege gantzutzen zaitut”.
7 Akab zeure jaunaren senitartea hondatuko duzu; horrela mendekatuko dut Jezabelek isuritako neure profeten eta Jaunaren zerbitzari guztien odola.
8 Akaben senitarte osoa suntsituko da; Akaben ondorengoetariko gizaseme guztiak, libre nahiz esklabo, desagerraraziko baititut Israelen.
9 Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren senitarteak zigortu nituen bezalaxe zigortuko dut Akaben senitartea ere.