29 Orduan, erregeak honela egin zuen zin:—Ala Jauna, atsekabe orotatik atera nauena!
30 Zin egin nizun, bai, Jaunarengatik, Israelen Jainkoarengatik, zure seme Salomon izanen zela nire ondorengo erregea eta bera jarriko zela nire errege-aulkian. Hara, gaur beteko dut zin hura!
31 Betsabek, erregearen aitzinean lurreraino ahuspezturik, esan zuen:—Gora beti David erregea, ene jauna!
32 Davidek, orduan:—Dei egin Tzadok apaizari, Natan profetari eta Joaiadaren seme Benaiasi.Hauek sartu zirenean,
33 erregeak esan zien:—Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk.
34 Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!»
35 Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.