1 Erregeak 22 EAB

Akabek Galaadeko Ramot hiria berreskuratu nahi

1 Hiru urtetan ez zen borrokarik izan siriarren eta israeldarren artean.

2 Hirugarren urtean, Judako errege Josafat Israelgo erregea ikustera jaitsi zen.

3 Israelgo erregeak esana zien bere funtzionarioei:—Badakizue Galaadeko Ramot hiria geurea dugula. Zertan gaude, bada, hemen geldirik, Siriako erregeari kendu gabe?

4 Beraz, hau galdetu zion Josafati:—Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramot hiriari erasotzera?Josafatek erantzun zion Israelgo erregeari:—Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea, nire zalditeria eta zurea ere bai.

5 Eta erantsi zion:—Egiozu lehenbizi kontsulta Jaunari.

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri

6 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun inguru, eta galdegin zien:—Joango al naiz Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egingo dut?Profetek erantzun zioten:—Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.

7 Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?

8 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati:—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zuen:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.

9 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!

10 Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.

11 Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte».

12 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emanen dizu Jaunak hiria!»

Mikeas profetak hondamendia iragarri

13 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:—Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.

14 Mikeasek erantzun:—Ala Jauna! Berak esango didana iragarriko dut.

15 Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak:—Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egin behar dugu?Mikeasek erantzun:—Eraso! Onik aterako zara. Nola ez dizu, bada, eskura emanen Jaunak hiria?

16 Erregeak, orduan:—Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?

17 Mikeasek erantzun:«Mendietan barreiatuaikusi dut Israel osoa,artzainik gabeko ardiak bezala.Hona zer dioen Jaunak:“Ez du jaberik jende horrek,itzul bedi nor bere etxera bakean”».

18 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:—Ez al dizut esan ez didala gizon honek ezer onik iragartzen, txarra baizik?

19 Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen:—Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut nik Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin bere ondoan zutik zituela.

20 Hau zioen Jaunak: «Nork konbentzituko ote luke Akab, Galaadeko Ramoti eraso diezaion, bera bertan eror dadin?» Batek gauza bat zioen, besteak bestea.

21 Orduan, aurreratu zen espirituetariko bat, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk konbentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?»

22 Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan, esan zion: «Konbentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela».

23 Beraz, Jaunak zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago erabaki duela zure hondamena.

24 Orduan, Kenaanaren seme Sedekiasek masailekoa eman zion Mikeasi, esanez:—Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko?

25 Mikeasek erantzun:—Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean.

26 Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen:—Heldu Mikeasi! Eraman hiri-gobernari Amonengana eta Joax printzearengana.

27 Eta esan hau agintzen dudala: giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtuak, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte.

28 Mikeasek erantzun zuen:—Benetan zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire bidez hitz egin.

Akab guduan hil

29 Israelgo erregea eta Judako errege Josafat igo ziren, bada, Galaadeko Ramoti erasotzera.

30 Israelgo erregea honela mintzatu zitzaion Josafati:—Nik jantziak aldatuko ditut borroka hasteko; zuk jarraitu zeure errege-jantziekin.Israelgo erregea, beraz, jantziz aldatu eta borrokara abiatu zen.

31 Siriako erregeak agindu hau emana zien bere guda-gurditeriaren hogeita hamabi arduradunei: «Ez eraso inori, ez txiki, ez handiri, Israelgo erregeari baizik».

32 Horrela, bada, guda-gurditeriaren arduradunek Josafat ikustean esan zuten:—Hori izango da, segur aski, Israelgo erregea!Eta haren kontra oldartu ziren. Baina Josafat deiadarka hasi zen

33 eta guda-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten.

34 Baina gudari batek jaurti zuen gezia itsu-itsuan eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik. Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:—Itzuli eta atera nazazu guda-zelaitik. Zauritu egin naute.

35 Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; erregeari zutik eutsi behar izan zioten bere gurdian, siriarrei aurre eginez. Zauritik odola zerion guda-gurdiaren zoruraino. Arratsaldean hil egin zen.

36 Ilunabarrean deiadarra hedatu zen guda-zelaian: «Nor bere hirira! Nor bere lurraldera!»

37 Erregearen gorpua Samariara eraman zuten eta bertan ehortzi.

38 Guda-gurdia Samariako uraskan garbitu zuten. Zakurrek miazkatu zuten Akaben odola eta emagalduak uraska hartan garbitu ziren, Jaunak esan bezala.

39 Akaben gainerako jarduerak eta egin zuen guztia, nola eraiki zuen marfilezko etxea eta zenbat hiri gotortu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

40 Hil zen, bada, Akab eta ondorengo erregea haren seme Akazias izan zen.

Josafat, Judako errege

41 Israelgo errege Akaben erregealdiko laugarren urtean hasi zen Asaren seme Josafat Judako errege izaten.

42 Hogeita hamabost urte zituen Josafatek errege izaten hastean, eta hogeita bost urtez izan zen errege Jerusalemen. Beraren amak Azuba zuen izena eta Xilhiren alaba zen.

43 Bere aita Asaren jokabidea bera hartu zuen denetan Josafatek, ezertan ere okertu gabe. Jaunari atsegin zaiona egin zuen.

44 Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitzen zuen herriak.

45 Bitartean Josafat bakean bizi izan zen Israelgo erregearekin.

46 Josafaten gainerako jarduerak, haren egintza adoretsuak eta izan zituen borrokak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

47 Desagerrarazi egin zituen bere aita Asaren garaitik gelditzen ziren prostituzio sakraturako azken gizon eta emakumeak.

48 Aldi hartan ez zen erregerik Edomen; gobernari batek egin ohi zuen errege-ordetza.

49 Josafatek ur handietako itsasontziak egin zituen Ofirrera urre bila joateko. Baina ezin izan zen joan, ontziak Etzion-Geberreko kaian deseginak gertatu baitziren.

50 Orduan, esan zion Akaben seme Akaziasek Josafati: «Joan daitezela batera zure eta nire itsasgizonak itsasontzietan». Josafatek, ordea, ez zuen nahi izan.

51 Hil zenean, bere gurasoen ondoan ehortzi zuten Josafat bere arbaso Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Joram izan zen.

Akazias Israelgo errege

52 Judako Josafaten erregealdiko hamazazpigarren urtean hasi zen Akazias Israelgo errege izaten Samarian. Bi urtez izan zen hango errege.

53 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen bere aitaren eta amaren jokabide bera jarraituz eta Israeli bekatu eginarazi zion Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera jarraituz.

54 Baal zerbitzatu zuen eta beronen aurrean ahuspeztu zen, Jauna, Israelen Jainkoa, haserraraziz beraren aitak egina zuen bezalaxe.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22