1 Erregeak 19 EAB

Elias Horeb mendirantz

1 Akabek Jezabeli adierazi zion Eliasek egin zuen guztia eta Baalen profetak oro ezpataz hilarazi zituela.

2 Orduan, Jezabelek mezularia igorri zion Eliasi, esatera: «Zigor nazatela gogor jainkoek, bihar ordu berean bizia kentzen ez badizut, zuk profeta haiei kendu diezun bezala».

3 Beldurtu zen Elias eta ihesi joan, bere bizia salbatzeko. Judako Beer-Xebara heltzean, bertan utzi zuen bere mutila.

4 Bera, berriz, basamortuan aurrera joan zen eta egun osoan ibili. Azkenean, ipuru baten azpian eseri zen. Heriotza opa zion bere buruari. Hau zioen: «Aski da! Orain, Jauna, hartzazu ene bizia, ez bainaiz ni neure gurasoak baino hobea».

5 Gero, etzan zen eta loak hartu zuen ipuru haren azpian. Hortan, aingeru batek ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan!»

6 Begiratu zuen Eliasek eta horra non ikusten dituen, bere buru aldean, harri goritu baten gainean erretako sutopila eta antoxin bat ur. Jan eta edan ondoren, etzan egin zen berriro.

7 Itzuli zen bigarren aldiz Jaunaren aingerua, ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan, oso bide luzea baituzu».

8 Jaiki zen Elias, jan eta edan zuen, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zen, Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.

9 Hara heltzean, leize-zulo batera sartu eta bertan eman zuen gaua.Jaunak honela egin zion hitz:—Zertan zaude hemen, Elias?

10 Eliasek erantzun:—Jauna, Jainko ahalguztiduna, zureganako maiteminak erretzen nau, israeldarrek zurekiko ituna hautsi dutelako, zure aldareak hondatu eta zure profetak ezpataz hil dituztelako. Ni bakarra gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko.

11 Jaunak, orduan:—Irten eta egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean; Jauna igaroko da.Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo zuen; mendiak urratu eta haitzak zartatzen zituen. Jauna, ordea, ez zen haizean. Haizearen ondoren lurrikara izan zen; Jauna, ordea, ez zen lurrikaran.

12 Lurrikararen ondoren, sua; Jauna, ordea, ez zen suan ere. Suaren ondoren, zuzmur apal baten hotsa.

13 Entzun zuenean, Eliasek aurpegia estali zuen bere soingainekoaz; gero, irten eta zutik gelditu zen leizearen ahoan, eta ahots batek galdegin zion:—Zertan zaude hemen, Elias?

14 Eliasek erantzun:—Jauna, Jainko ahalguztiduna, zureganako maiteminak erretzen nau, israeldarrek zurekiko ituna hautsi dutelako, zure aldareak hondatu eta zure profetak ezpataz hil dituztelako. Ni bakarra gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko.

15 Jaunak esan zion:—Tira, itzul zaitez zeure bidetik, basamortuan barrena, Damaskoraino. Hara heltzean, gantzutu Hazael Siriako erregetzat.

16 Gantzutu Nimxiren seme Jehu Israelgo erregetarako. Gantzutu Abel-Meholako Xafaten seme Eliseo, zure ondorengo profeta izan dadin.

17 Hazaelen ezpatari ihes egin diezaiona Jehuk hilko du, eta Jehuren ezpatari ihes egin diezaiona Eliseok hilko du.

18 Hala ere, utziko ditut batzuen batzuk neuretzat Israelen: zazpi mila gizon, Baalen aurrean belaunikatu ez diren guztiak, musu eman ez dioten guztiak.

Eliseori deia

19 Joan zen handik Elias eta Xafaten seme Eliseo aurkitu zuen goldean; hamabi idi-pare zituen aurretik, Eliseok hamabigarrena zeramalarik. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota zion Eliseori gainera.

20 Eliseo, orduan, idi-parea utzirik, Eliasen ondoren joan zen lasterka, eta esan zion:—Uztazu, arren, aita-amei agur esaten, eta joango naiz zure ondoren.Eliasek erantzun:—Zoaz, baina itzul zaitez. Oroitu zer egin zaitudan.

21 Aldendu zen Eliseo Eliasengandik, hartu zuen idi-parea eta oparitzat eskaini zuen; idien uztarriaz sua egin eta erre zuen okela eta jaten eman zion jendeari. Jaiki zen gero eta Eliasi jarraitu zion morroi bezala.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22