1 Erregeak 10 EAB

Sabako erregina Salomon ikustera

1 Sabako erregina, Salomonek Jaunaren osperako nolako izena zuen aditurik, asmakariak ipiniz probatzera etorri zitzaion.

2 Lagun-talde handia berekin zuela eta usaingarriz, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak zekartzala heldu zen Jerusalemera. Salomonengana joanik, buruan zituen arazo guztiez mintzatu zitzaion.

3 Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik.

4 Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia,

5 nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zeinen lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, eta nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean, eta harri eta zur egina gelditu zen.

6 Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena.

7 Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede, erdia ere ez zidaten esan! Aditua nuena baino askoz handiagoak dituzu, bai jakinduria, bai ondasunak.

8 Dohatsuak zure emazteak! Dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzari hauek!

9 Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, Israelgo errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu! Jaunak Israel beti maite izan duelako egin zaitu zu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazun».

10 Gero, Sabako erreginak ia lau mila kilo urre eta, gainera, egundoko usaingarri- eta harribitxi-multzo handia eman zion erregeari. Aurrerantzean ez zen sekula etorri Sabako erreginak Salomon erregeari eman zion bezainbateko usaingarri-multzorik.

11 Bestalde, Hiram erregearen ontziteriak ere, Ofirko urreaz gainera, sandalo-zur ugari eta harribitxiak ekarri zituen.

12 Erregeak, sandalo-zurez, Jaunaren etxerako eta bere jauregirako barandak eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Aurrerantzean ez zen halako sandalo-zurik etorri, ez ikusi egundaino.

13 Salomon erregeak ere, Sabako erreginak nahi zuen eta eskatu zion guztia eman zion; gainera, erregeak ohi zuen eskuzabaltasunez, erregali ugari egin. Ondoren, erregina bere lurraldera itzuli zen bere zerbitzariekin.

Salomonen aberastasunak

14 Urte oroz Salomon erregeari hogeita bi mila inguru kilo urre etorri ohi zitzaion,

15 eta hori, bidaiariek eta merkatariek, mendebaldeko erregeak eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten zergak zenbatu gabe.

16 Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik.

17 Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia bi kilo urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian ipini zituen.

18 Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen Salomonek eta urre garbiz jantzi.

19 Sei maila zituen errege-aulkiak; bizkarraldea biribila zuen eta jarlekuaren alde banatan besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik,

20 eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula egin halakorik.

21 Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren; ez zegoen zilarrezkorik, zilarra ez baitzen aintzakotzat hartzen Salomonen garaian.

22 Izan ere, bazituen erregeak itsasoan ur handietarako merkataritzako ontziak, Hiram erregearen ontziteriarekin batera ibiltzeko; hiru urtetik behin ur handietako merkataritzako ontzi haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beterik itzuli ohi ziren.

23 Salomon erregea lurreko errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen.

24 Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko.

25 Etortzen zirenek nork bere esku-erakutsia ekarri ohi zion: zilarrezko nahiz urrezko gauzak, janzkiak, armak, usaingarriak, zaldiak, mandoak. Eta horrelaxe urte oroz.

26 Salomonek mila eta laurehun guda-gurdi eta hamabi mila zaldi inguratu eta hirietako gudari-tokietara eraman zituen, baita bere ondora ere, Jerusalemera.

27 Salomon erregeak zilarra harriak bezain ugari bildu zuen Jerusalemerako, eta zedroak ere Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezainbat.

28 Salomonen zaldiak Mutzri eta Kue-koak ziren jatorriz; Kuen erosi ohi zituzten erregearen merkatariek.

29 Mutzritik ekarritako guda-gurdi batek zilarrezko seiehun txanpon balio zuen, eta zaldi batek ehun eta berrogeita hamar. Salomonen merkatariek hititen eta aramearren errege guztientzat ekarri ohi zituzten halakoak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22