1 Erregeak 5 EAB

1 Salomonen agintea Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino hedatzen zen. Zergak ordaintzen zizkioten denek eta bere bizitza osoan menpean izan zituen.

2 Hona zenbat elikagai behar zuen Salomonek egunero: ia zazpi tona ogi-irin garbi eta hamalau tona ogi-irin arrunt;

3 hamar idi gizen eta hogei idi larreko; ehun ardi eta, gainera, hainbat orein, basahuntz, orkatz eta hegazti gizen.

4 Eufrates ibaiaz mendebaldera, Tifsahetik Gazaraino, Salomonek agintzen zuen; ibaiaz mendebaldeko errege guztiak haren menpeko ziren, eta bakean bizi zen inguruetako lurralde guztietakoekin.

5 Salomonen bizitza osoan lasai bizi izan ziren Juda eta Israelgo guztiak, nor bere mahatsondo edota pikondoaren itzalean.

6 Salomonek lau mila zalditegi zituen bere guda-gurdietarako zaldientzat eta hamabi mila zaldizko.

7 Aipaturiko eskualdeburu haiek, nork berari zegokion hilabetean, Salomon erregea eta honen mahaikideak hornitzen zituzten, ezeren faltarik izan ez zezaten.

8 Zamari eta zaldientzat behar zen garagarra eta lastoa ere eraman ohi zuten, behar zen tokira.

Salomonen jakinduria

9 Jainkoak jakinduria eta zuhurtzia handia eman zizkion Salomoni, baita itsasertzeko hondartza bezainbateko jakite zabala ere.

10 Salomonen jakinduria ekialdekoena eta egiptoarrena baino handiagoa izan zen,

11 gizonetan jakintsuena izan baitzen: Etam ezratarra, Mahol-en seme Heman, Kalkol eta Darda baino jakintsuago. Salomonen izena inguruetako lurralde guztietan zabaldu zen.

12 Hiru mila esaera atera zituen, eta mila eta bost kantika.

13 Zuhaitzei buruz ere mintzatu zen, nola Libanoko zedroez hala horma-harrietan ernetzen den itze belarraz; orobat, abere, hegazti, narrasti eta arrainei buruz ere.

14 Salomonen jakinduriaren berri izan zuten herrialde eta erresuma guztietatik etorri ohi ziren Salomonen mintzaldi jakintsuak entzutera.

Salomonek tenpluaren eraikuntza prestatu

15 Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen.

16 Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami:

17 «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte.

18 Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk.

19 Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut, hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: “Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea”.

20 Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».

21 Salomonen eskari hau hartzean, Hiram biziki poztu zen eta esan zuen: «Bedeinkatua Jauna, Davidi halako seme jakintsua eman diolako, herri ugari hori goberna dezan».

22 Hiramek erantzun zion Salomoni: «Hartu dut zure eskaria eta emango dizut nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur.

23 Nire morroiek Libanotik itsasoraino jaitsiko dute; gero, almadiak egin eta itsasoz bidaliko dizkizut, zuk esandako tokiraino. Zuk, ordainez, janariz hornituko didazu etxea, nik nahi bezala».

24 Horrela, bada, nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur eman zion Hiramek Salomoni.

25 Honek, ordainez, sei mila tona gari eta zortzi mila litro olio garbi eman ohi zizkion Hirami urte oroz, bere etxekoak elikatzeko.

26 Hitzemaniko jakinduriaz bete zuen Jaunak Salomon. Honen eta Hiramen artean bakea izan zen eta, gainera, ituna egin zuten biek.

Salomonek lanera behartu jendea

27 Salomon erregeak lan behartuak antolatu zituen eta Israel osoan hogeita hamar mila gizon bildu zituen horretarako.

28 Hilero hamar mila laguneko txandatan bidaltzen zituen Libanora. Hilabete Libanon egin ohi zuten eta beste bi hilabete beren etxeetan. Adoniram zen langile behartu haien arduraduna.

29 Salomonek hirurogeita hamar mila zamaketari zituen eta laurogei mila hargin mendian.

30 Gainera, baziren beste hiru mila eta hirurehun lan-arduradun, Salomonen eskualdeburuek ezarriak, langileak zain zitzaten.

31 Harri handi eta aukeratuak ebakitzeko agindu zuen erregeak, tenpluaren oinarritarako, eta landu zitzatela.

32 Salomonen eta Hiramen langileek eta Gebalgo jendeak landu zituzten. Horrela prestatu zuten tenplua eraikitzeko zura eta harria.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22