1 Erregeak 7 EAB

Salomonen jauregia

1 Salomonek bere jauregia ere eraiki zuen. Hamahiru urte behar izan zituen erabat bukatzeko.

2 «Libanoko Oihana» zeritzan aretoa ere egin zuen; berrogeita hamar metro zen luze, hogeita bost zabal eta hamabost gora. Zedrozko lau zutabe-lerro zituen, eta zutabeen gainean zedrozko habeak.

3 Zutabeen gaineko habe haiek berrogeita bost ziren, lerro bakoitzean hamabost, eta habe haien gainaldean zedrozko oholtza.

4 Saredun hiru leiho-erreskada zituen aretoak, batzuk besteen aurrez aurre, hirunaka.

5 Ate eta ate-zango guztiak lau alderdidunak ziren, batzuk besteen aurrez aurre, hirunaka.

6 Zutabedun ataria ere egin zuen; hogeita bost metro zen luze eta hamabost zabal. Honen aurrean zutabedun beste atari bat ere egin zuen, bere aterpe eta guzti.

7 Egin zuen, orobat, «Errege-aulkiaren aretoa» edo «Epaitegi-aretoa» zeritzana ere, bertan epaiketak egiteko. Behetik goraino zedroz jantzi zuen.

8 Salomonen bizilekua errege-aulkiaren aretotik aparte zegoen, beste areto batean; biak tankera berekoak ziren. Bere emaztetzat hartu zuen faraoiaren alabarentzat egin zuen jauregia ere areto haren tankerakoa zen.

9 Eraikuntza hauek guztiak, nola barnetik hala kanpotik, neurrira landu eta zerraturiko harri bikainez egin zituzten oinarrietatik habeetaraino, etxearen kanpoaldetik areto nagusiraino.

10 Oinarrietarako harri bikainak ezarri zituen, harri handiak, bost eta launa metrokoak.

11 Gainaldea ere harri bikainez egina zegoen, neurrira landuriko harriz eta zedro-zurez.

12 Areto nagusiaren inguruko hormek harlanduzko hiruna erreskada eta zedrozko ohol-erreskada bana zituzten, Jaunaren etxe-barruko aretoaren eta atalondoaren tankerara.

Brontzezko bi zutabeak

13 Salomonek Tiroko Hiram etorrarazi zuen.

14 Neftaliren leinuko emakume alargun baten semea zen; aita, berriz, Tiroko brontzegile bat izan zuen. Hiram oso argi, trebe eta iaioa zen edozein brontze-lanetarako. Etorri zen, beraz, Salomonengana eta honek aginduriko lan guztiak egin zituen.

15 Brontzea urtuz, bi zutabe egin zituen; bederatzina metro ziren gora eta seina metro lodi.

16 Zutabe-buruetan ezartzeko, brontzezko bi kapitel egin zituen, bina metro eta erdikoak.

17 Zutabe-buruetan zeuden kapitel haietarako sare antzeko apaindurak egin zituen eta kate-sortak, kapitel bakoitzerako zazpi.

18 Zutabe-buruetako kapitel bakoitza apaintzeko, sare haien inguruan, bi lerrotan, granada-fruitu antzekoak egin zituen.

19 Zutabe-buruetako kapitel haien gainean bina metroko lili-lorearen tankerako irudiak zeuden.

20 Hauen gainean, sare haiez beste aldean, biribil bana zegoen, inguruan berrehuna granada-fruitu zituztelarik, lerrotan jarriak.

21 Sala handiaren aurreko atalondo aitzinean ezarri zituen Hiramek zutabeak. Eskuinekoari «Jakin» deitu zion, eta ezkerrekoari «Boaz».

22 Zutabe-buruak lili-lorearen tankerakoak ziren.Horrela burutu zuen zutabeak egitea.

Brontzezko uraska

23 Ondoren, Hiramek brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribil bat egin zuen; ertz batetik bestera bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.

24 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, fruitu-irudiak zituen, hogei fruitu metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.

25 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

26 Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.

Brontzezko orgak

27 Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon.

28 Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten;

29 eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegaldun izakiak, baita goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-sortak zintzilik.

30 Orga bakoitzak brontzezko lau gurpil zituen eta brontzezko ardatzak. Lau hanketan brontzezko euskarriak zituzten; euskarri haiek ur-ontziaren azpian zeuden, bakoitza kanpoaldetik lore-sortaz apaindua.

31 Orgaren gainaldean ur-ontzi baten ezpainak ateratzen ziren metro erdi bat gorantz; ur-ontzia biribila zen, hirurogeita hamabost zentimetroko diametroa zuelarik. Ezpain haietan ere baziren irudi zizelkatuak, panel koadratueetan, ez biribiletan.

32 Lau gurpilak panelen azpialdean zeuden eta haien ardatzak orgari atxikiak. Gurpil bakoitzak hirurogeita hamabost zentimetroko altuera zuen.

33 Gurpil haien tankera guda-gurdiena bezalakoxea zen. Haien ardatzak, uztaiak, erradioak eta gurpegiak ere brontzezkoak ziren denak.

34 Orgaren lau kantoietatik lau euskarri ateratzen ziren, orgari itsatsirik.

35 Orga bakoitzaren gainaldean hogeita bost zentimetroko biribila zegoen, euskarriak eta panelak itsatsiak zituelarik.

36 Orgaren zabalgunetan, euskarrietan eta paneletan hegaldun izaki, lehoi eta palmondoak zizelkatu zituen Hiramek, ahal zituen toki guztiak erabiliz, eta inguruan lore-sortak egin zituen.

37 Honelakoak egin zituen hamar orgak, denak urtzaldi berekoak, neurri eta tankera berekoak.

38 Brontzezko hamar ur-ontzi ere egin zituen, orga bakoitzerako bana; bina metroko diametroa zuten, eta mila eta seiehuna litro ur hartzen.

39 Bost orga tenpluaren eskuinaldean jarri zituen eta beste bostak ezkerraldean; «Itsaso» zeritzan uraska handia, berriz, tenpluaren eskuinaldean jarri zuen, hego-ekialdera.

Jaunaren etxeko gauzen zerrenda

40 Pertzak, hauts-palak eta isipu-ontziak ere egin zituen Hiramek. Hona hemen Hiramek, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen lanen zerrenda:

41 bi zutabe, zutabe horien buruan zeuden bi kapiteletarako bola bana; zutabeburuetako kapiteletan zeuden bola haiek apaintzeko sare bana;

42 laurehun granada-fruitu, bi sareetan ezartzeko, bina lerro sare bakoitzean, zutabeburuetan zeuden kapiteletako bi bolak apaintzeko;

43 hamar orga eta hauetan hamar ur-ontzi;

44 «Itsaso» zeritzan uraska handia, eta beroni eusteko hamabi zezen;

45 pertzak, hauts-palak eta isipu-ontziak.Hiramek, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen tresna hauek brontze leunduzkoak ziren denak.

46 Jordango lautadan urtarazi zuen erregeak brontze hura, lurra buztintsua den tokian, Sukot eta Tzartan artean.

47 Hain ugari eginarazi zituen Salomonek tresna hauek, ezen ezin baitzen jakin zenbat pisatzen zuen brontze-multzo hark.

48 Era berean, Jaunaren etxerako behar ziren beste gauza guztiak ere eginarazi zituen Salomonek: aldarea, urrezkoa; eskainiriko ogiak jartzeko mahaia, urrezkoa;

49 santutegiaren aurrean ezker-eskuin ezartzeko hamar argimutil, alderdi bakoitzean bost, urrezkoak; loreak, kriseiluak eta su-hatzak, urrezkoak;

50 azpilak, labanak, isipu-ontziak, intsentsu-ontziak eta errautsontziak, urre hutsezkoak; santutegiaren aurrean zegoen sala handiaren aurreko ate-orpoak, urrezkoak.

51 Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzeko lan hauek guztiak bukatzean, bere aita Davidek sagaratuak ziren urrezko eta zilarrezko gauza eta ontzi guztiak bertara eraman eta Jaunaren etxeko altxortegian gorde zituen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22