1 Aldi hartan gaixotu egin zitzaion Jeroboami bere seme Abias.
2 Jeroboamek esan zion emazteari:—Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta.
3 Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.
4 Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen.
5 Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».
6 Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion:—Sar zaitez, Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean.
7 Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez.