2 Jeroboamek esan zion emazteari:—Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta.
3 Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.
4 Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen.
5 Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».
6 Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion:—Sar zaitez, Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean.
7 Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez.
8 Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez.