8 Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez.
9 Zure aurretik izan direnek baino gaiztakeria handiagoa egin duzu, sasijainkoak eta irudiak eginez, ni haserrarazteko. Niri, berriz, bizkarra eman didazu.
10 Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala.
11 Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak».
12 Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa.
13 Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu.
14 Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan