1 Azken egunak hurbiltzen ari zitzaizkiolarik, agindu hauek eman zizkion Davidek bere seme Salomoni:
2 «Banoa ni denak joan ohi diren bidetik. Izan zaitez adoretsu, izan gizon.
3 Bete Jaunaren, zeure Jainkoaren nahia, haren bidean ibiliz. Gorde Moisesen arauetan idatziak dauden lege, agindu, erabaki eta burubideak. Horrela, ongi izango zara zeure egintza eta ibilbide guztietan,
4 eta Jaunak beteko dizu niri eman didan hitza: “Zure semeok zintzo jokatzen badute, bihotz osoz eta gogo guztiz nire aurrean leial ibiltzen badira, beti izanen da zureetariko norbait Israelgo errege-aulkian”.
5 «Bestalde, badakizu zer egin zidan Tzeruiaren seme Joabek: Israelgo bi gudalbururi, Ner-en seme Abnerri eta Jeter-en seme Amasari, egin ziena. Hil egin zituen, guduan isuritako odola bakealdian mendekatuz; horrela, odolez zikindu zituen nire jantziak. Hilketa horien errudun da.
6 Joka ezazu, beraz, argi eta ez utzi berari zaharturik eta bakean hiltzen.
7 Galaadeko Bartzilairen semeak, aldiz, har itzazu ongi eta jar daitezela zure mahaian, ni ere ongi hartu baininduten haiek, zure anaia Absalomengandik ihesi nenbilen garai hartan.