29 Zazpi egunez egon ziren aurrez aurre kanpatuak. Zazpigarren egunean ekin zioten borrokari, eta israeldarrek ehun mila siriar hil zituzten egun hartan.
30 Gainerakoek Afek hirira egin zuten ihes; baina harresia hogeita zazpi mila gizon haien gainera erori zen. Ben-Hadadek berak ere hiri hartara egin zuen ihes eta gelaz gela ezkutatzen ibili behar izan zuen.
31 Ofizialek esan zioten:—Aditua dugu Israelgo erregeak bihotz onekoak direla. Irten gaitezen Israelgo erregeagana soinean zakua jantzirik eta lepoan soka loturik. Baliteke zu bizirik uztea.
32 Halaxe, bada, soinean zakua jantzi eta lepoan soka loturik, heldu ziren Israelgo erregeagana eta esan zioten:—Hau diotsu zeure zerbitzari Ben-Hadadek: «Otoi, utz nazazu bizirik».Akabek galdetu zuen:—Bizi al da, bada, oraindik? Neure anaia dut!
33 Seinale ona iruditu zitzaien gizon haiei hori eta, erregeari hitza hartuz, esan zioten:—Bai, anaia duzu Ben-Hadad.Orduan, Akabek:—Ekardazue.Etorri zitzaion, beraz, Ben-Hadad eta Akabek bere guda-gurdira igo zuen.
34 Ben-Hadadek esan zion:—Itzuli egingo dizkizut gure aitak zuenari kendu zizkion hiriak. Gainera, antola ditzakezu Damaskon zeure salmenta-tokiak, gure aitak Samarian antolatu zituen bezala.Akabek erantzun:—Baldintza hauekin, joaten utziko dizut.Horrela, bada, egin zuen harekin hitzarmena eta joaten utzi zion.
35 Profeta-talde bateko gizon batek esan zion, Jaunaren aginduz, bere lagunetariko bati:—Jo nazazu, arren!Lagunak, ordea, ez zuen jo nahi izan.