1 Israeldarrak Egiptotik irten eta handik laurehun eta laurogei urtera, Salomonek Israelgo erregetzan lau urte zeramatzala, bigarren hilabetean, Zib hilean, hasi zen Salomon Jaunaren etxea eraikitzen.
2 Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora.
3 Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.
4 Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.
5 Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.
6 Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro eta erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.