29 Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.
30 Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu.
31 «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz,
32 entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz.
33 «Zure herri Israel, zure aurka bekatu egiteagatik etsairen batek menderatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu,
34 entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera.
35 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira,