35 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira,
36 entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera.
37 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,
38 norbaitek nahiz Israel zeure herri osoak, bihotzean daukan okerraz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,
39 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu har dezala nork bere jokaeraren ordaina, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; izan ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.
40 Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lurrazalean biziko diren bitartean.
41 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat