40 Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lurrazalean biziko diren bitartean.
41 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat
42 —izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri— tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,
43 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, lurreko herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.
44 «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira, zuri, Jaun horri, otoitz egiten badizu,
45 entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.
46 «Zure kontra bekatu egitean —ez baita inor bekatu egiten ez duenik—, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte.