13 Amondarren erregeak erantzun zien Jefteren mezulariei: «Egiptotik igotzean, nire lurraldean sartu eta Arnon errekatik Jabok erreka eta Jordan ibaia artekoa hartu zidaten israeldarrek. Itzul iezadazu orain bakean lurralde hori».
14 Jeftek mezulariak igorri zizkion berriro amondarren erregeari
15 beste mezu honekin: «Hau dio Jeftek: Israeldarrek ez zuten moabdarren, ez amondarren lurralderik hartu.
16 Egiptotik igotzean, israeldarrak basamortuan barrena Itsaso Gorrira jo eta Kadex oasiraino heldu ziren.
17 Orduan, israeldarrek mezulariak bidali zizkioten Edomgo erregeari, beraren lurraldetik igarotzeko baimena eskatuz; baina ez zien eman. Moabeko erregeari ere eskatu zioten; baina hark ere ez zien eman. Horregatik, israeldarrak Kadexen gelditu ziren.
18 Gerora, basamortuan zehar, Edom eta Moab lurraldeak inguratuz, Moabeko ekialdera hurbildu eta Arnon errekaz beste aldera ezarri zuten kanpalekua; baina ez ziren sartu moabdarren lurraldean, muga baitzen Arnon.
19 Ondoren, Sihoni, Hexbongo errege amortarrari, mezulariak bidali zizkioten israeldarrek, esatera: “Emaguzu baimena gure bizitokira zure lurraldetik igarotzeko”.