Epaileak 16 EAB

Samsonek Gazako ateak eraman

1 Behinola, Samson, Gazara joan zelarik, emagaldu bat ikusi eta beraren etxera sartu zen.

2 Gazakoek, Samson han zela jakitean, inguratu zuten eta gau osoan zelatan egon zitzaizkion hiriko sarreran. Gau osoan geldi egon ziren, eguna argitzean hiltzeko asmotan.

3 Samson, ordea, gauerdiraino baizik ez zen egon ohean; gauerdian jaiki eta hiri-sarrerako bi ateak beren zango, ataga eta guzti orpotik atera eta bizkarrean harturik, Hebronen aurrean dagoen mendi-gailurreraino jaso zituen.

Samson eta Dalila

4 Aldi baten buruan, Sorek ibarrean bizi zen emakume batez maitemindu zen Samson; emakumeak Dalila zuen izena.

5 Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten:—Atera iezaiozu azpikeriaz Samsoni nondik duen halako indarra eta nola harrapa dezakegun, lotu eta menderatzeko. Bakoitzak mila eta ehun zilarrezko txanpon emango dizkizugu.

6 Dalilak esan zion Samsoni:—Esadazu nondik duzun horrelako indarra eta nola lotu zaitzaketen zu menderatzeko.

7 Samsonek erantzun:—Lehortu gabeko zazpi soka berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein gizon bezalakoa izango.

8 Eraman zizkioten filistearren buruzagiek emakumeari lehortu gabeko zazpi soka berri eta lotu zuen emakumeak Samson.

9 Gelan gizon batzuk zelatan zeudelarik, Dalilak esan zion Samsoni: «Horra! Filistearrak!» Samsonek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa-haria suak ukitzean eten ohi den bezala. Eta ez zuten jakin nondik zuen halako indarra.

10 Dalilak, orduan, Samsoni:—Barre egin duzu nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.

11 Samsonek erantzun zion:—Behin ere erabili gabeko lokarri berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

12 Gela batean gizon batzuk zelatan zeudelarik, lokarri berriak hartu, Samson lotu eta esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Baina Samsonek lokarri berriak ere eten egin zituen, hariak bailiran.

13 Dalilak esan zion:—Barre egin duzu berriro ere nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.Samsonek erantzun:—Nire buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ehulearen ziriaz lotuko bazenitu, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

14 Orduan, lo harrarazi eta buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ziriaz lotu ondoren, esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Samsonek, ordea, esnatu eta eten egin zituen ziria, ehulearen ardatza eta ehundura ere.

15 Dalilak, orduan:—Maite nauzula diozu eta ez zara nitaz fidatzen. Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik, eta oraindik ez didazu esan nondik duzun horrelako indarra.

16 Dalila, egunero, nazkatzeraino galdezka ari zitzaionez, bizitzaz ere asperturik,

17 aditzera eman zion Samsonek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu, “nazireu” bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango».

18 Dalilak, egi-egia esan ziola oharturik, filistearren buruzagiei dei egin eta esan zien:—Zatozte, oraingoan azaldu baitit bere barrua.Hala, etorri ziren filistearren buruzagiak emakumeagana, dirua eskuan zekartela.

19 Eta Dalilak, Samsoni bere belaunetan lo harrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile-mototsak mozteko. Samsoni indarrak alde egin zionean, Dalila hura astintzen hasi zen,

20 esanez: «Horra! Filistearrak, Samson!» Esnatu zen Samson eta aurrekoetan bezala libratuko zela uste izan zuen; baina ez zekien Jaunak zapuztua zuela.

21 Hartu zuten, beraz, filistearrek, begiak atera, Gazara eraman eta brontzezko bi katez lotu zuten, eta errotarri bati eragin behar izan zion presondegian.

22 Hala ere, berriro luzatzen hasi zitzaion moztua zioten ilea.

Samsonen heriotza

23 Behinola, beren jainko Dagoni opari handi bat eskaintzeko eta jai alaia egiteko bildu ziren filistearren buruzagiak. Hau zioten:«Gure jainkoak eskura eman diguSamson gure etsaia!»

24 Herriak, Samson ikustean, bere jainkoa goretsi zuen, esanez:«Gure jainkoak eskura eman diguSamson gure etsaia,gure lurraldea hondatueta hainbeste gutar hil zuena!»

25 Izan ere, pozaren pozez, Samson ateratzeko eskatua zuten, beraren kontura barre egiteko gogoz. Atera zuten, beraz, Samson espetxetik eta beraren bizkar egin zuten barre. Gero, bi zutaberen erdian utzi zuten.

26 Orduan, Samsonek esan zion eskutik zeraman itsumutilari:—Eraman nazak jauretxeari eusten dioten zutabeak ukitzeraino, haietan sostenga nadin.

27 Jauretxea gizon eta emakumez betea zegoen; bertan ziren filistearren buruzagiak etxe gainean eta beste hiru bat mila gizon eta emakume ere bai, Samsonek eginiko jostaketei begira egonak.

28 Samsonek dei egin zion Jaunari, esanez: «Ene Jainko Jauna, oroit zaitez nitaz eta egin nazazu indartsu beste behin bederen, kendu dizkidaten bi begiengatik filistear horietaz kolpe bakarraz mendeka nadin».

29 Ukitu zituen, orduan, Samsonek jauretxeari erdi-erdian eusten zioten bi zutabeak, bataren kontra eskuina eta bestearen kontra ezkerra ipiniz,

30 eta esan zuen: «Hil nadila filistearrekin batera!» Egin zuen bultza indarrez, eta bertan zeuden buruzagi eta jendearen gainera etorri zen jauretxea. Horrela, bere bizitza osoan baino jende gehiago hilez hil zen Samson.

31 Gero, bere senide eta ahaideek etorri, Samsonen gorpua hartu eta beraren aita Manoahen hilobian ehortzi zuten, Tzora eta Extaol artean. Hogei urtez gobernatua zuen Israel.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21