Epaileak 18 EAB

Danen leinua lurraldez aldatu

1 Aldi hartan ez zen erregerik Israelen. Danen leinukoak lurralde baten bila zebiltzan, bertan bizitzeko, ordu arte zozketan ez baitzitzaien atera berentzako lurralderik israeldarren artean.

2 Horregatik, Danen leinukoek beren senitarteetako bost gizon, Tzora eta Extaol hirietako bost gizon adoretsu, bidali zituzten, lurraldean zehar ibili eta ikertzeko aginduz. Gizon haiek Efraimgo mendialdera jo zuten, Mikaren etxera, eta bertan gaua eman.

3 Mikaren etxean zeudelarik, lebitar gaztearen ahotsa ezagutu zuten eta, berarengana zuzenduz, galdetu zioten:—Nork ekarri zaitu hona? Zer ari zara? Zertan zabiltza hemen?

4 Lebitarrak erantzun:—Honela eta honela hartu nau Mikak; ordaindu egiten dit, beraren apaiz izateko.

5 Orduan, esan zioten gizonek:—Otoi, egiozu kontsulta Jainkoari; hasi dugun ibilaldi honek azken ona izango duen ala ez jakin nahi dugu.

6 Apaizak erantzun zien:—Zoazte bakean. Begi onez ikusten du Jaunak hasi duzuen ibilaldia.

7 Bost gizonak abiatu eta Laixera heldu ziren. Eta ikusi zuten hango bizilagunak seguru bizi zirela, Sidongoen antzera, bakean eta lasai. Ez zioten inolako atsekaberik ematen agintariari. Laixkoak urrun zeuden sidondarrengandik eta ez zuten inolako harremanik inorekin.

8 Bost gizon haiek Tzora eta Extaolera itzultzean, beren senideek galdetu zieten:—Zer berri?

9 Haiek erantzun:—Ikusi dugu lurralde hori eta oso ederra da. Jaiki! Eraso diezaiogun! Zertan zaudete hor ezer egin gabe? Ez egon geldi eta abia zaitezte lurralde horretaz jabetzera.

10 Hara iristean, denak lasai aurkituko dituzue. Lurraldea zabala da alderdi guztietara, eta ez da lurreko ondasunetarik batere falta. Eskura emanen dizue Jaunak.

11 Orduan, Tzora eta Extaoldik Danen leinuko seiehun gudari armatu abiatu eta

12 Judako Kiriat-Jearimdik mendebaldera ezarri zituzten kanpalekuak. Horregatik deritza toki hari gaur arte «Mahane-Dan», hau da, Danen kanpalekua.

13 Handik Efraimgo mendialdera jo zuten eta Mikaren etxera heldu ziren.

14 Laixko inguruak ikertzen ibiliak ziren bost gizon haiek esan zieten beren ahaideei:—Ba al dakizue etxe haietako batean efod apaiz-jantzi bat, etxe-jainkoen irudiak, idolo bat eta metal urtuzko irudi bat daudela? Pentsa ezazue zer egin.

15 Bost gizon haiek harantz jo zuten eta, Mikaren etxean sarturik, lebitar gaztea agurtu.

16 Danen leinuko seiehun gizon haiek, berriz, atarian gelditu ziren.

17 Eta apaiza seiehun gizon armatu haiekin etxe-atarian zegoen bitartean, lurraldea ikertua zuten bost gizon haiek etxean sartu eta idoloa, efoda, etxe-jainkoen irudiak eta metal urtuzko irudia hartu zituzten.

18 Mikaren etxean sartu eta gauza sakratu haiek hartu zituztela ikustean, apaizak esan zien:—Zertan ari zarete?

19 Gizonek erantzun zioten:—Ixo! Ez esan ezer. Zatoz gurekin eta gure kontseilari eta apaiz izanen zara. Zer duzu hobe, gizon bakarraren apaiz izan ala Israelgo leinu eta senitarte batena izan?

20 Atsegin izan zitzaion hori apaizari. Hartu zituen efod apaiz-jantzia, etxe-jainkoen irudiak eta idoloa, eta gizon-taldearekin joan zen.

21 Beste guztiek ere abiatu eta bideari jarraitu zioten, haurrak, abereak eta tresneria aurretik bidaliz.

22 Mikaren etxetik urrun zirelarik, Mikaren auzokoak asaldatu egin ziren eta Danen leinukoen ondoren abiatu,

23 atzetik oihuka. Danen leinukoek atzera begiratu eta galdetu zioten Mikari:—Zer duk hik jendea horrela asaldarazteko?

24 Mikak erantzun:—Neuk egindako jainko-irudiak eta apaiza osturik zoazte; ezer gabe utzi nauzue, eta zer dudan galdetu, gainera?

25 Danen leinukoek ihardetsi zioten:—Gure aurrean hobe duk isilik egon, gutakoren batzuk beren onetik irtenda zuei erasotzea eta hire bizia eta senitartea hondatzea nahi ez baduk!

26 Danen leinukoek beren bideari jarraitu zioten. Mika, berriz, bera baino indartsuago zirela oharturik, etxera itzuli zen.

27 Danen leinukoek, Mikak eginiko gauza sakratuak eta harekin zen apaiza harturik, Laixera jo eta bertan lasai eta bakean bizi zen jendea ezpataz hil zuten, eta ondoren hiriari su eman.

28 Ezin izan zituen inork ere salbatu, Sidon oso urruti baitzuten eta ez zuten beste inorekin harremanik. Izan ere, Laix hiria Bet-Rehob izeneko haranean dago. Danen leinukoak hiria berreraiki eta bertan gelditu ziren bizitzen,

29 baina hiriari izena aldatuz: lehen Laix zenari Dan deitu zioten, Jakoben seme Danen, beren arbaso izanaren, oroipenez.

30 Danen leinukoek hiri hartan ezarri zuten irudia. Eta Moisesen seme zen Gerxomen seme Jonatan lehenbizi eta beronen semeak gero Danen leinuko apaiz izan ziren, erbestealdia arte.

31 Mikak eginiko irudia beren artean izan zuten, Jainkoaren etxea Xilon egon zen bitartean.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21