Epaileak 20 EAB

Benjamindarrak zigortzeko borroka

1 Israeldarren elkarte osoa, iparraldeko Dandik hegoaldeko Beer-Xebarainokoa, baita Galaadekoa ere, Mitzpan batzartu zen, Jaunaren aurrean, gizon bakarra bailitzan.

2 Jainkoaren herriaren batzar hartan Israelgo leinu guztiak eta beren buruzagiak bildu ziren: laurehun mila gudari ziren, gerrarako trebatuak.

3 Israeldarrak Mitzpan batzarturik zeudela jakin zuten benjamindarrek. Israeldarren batzarrak gaiztakeria hura nola gertatu zen jakin nahi izan zuen.

4 Orduan, lebitar hark, hil zuten emakumearen senarrak, esan zuen: «Benjamineko Gibeara joan nintzen neure ohaidearekin, gaua bertan igarotzeko asmoz.

5 Hortan, Gibeako jauntxoak asmo txarrez etorri zitzaizkidan eta etxea inguratu zidaten gauez. Ni hil nahi ninduten, baina nire ohaidea bortxatu zuten, hil arte.

6 Orduan, ohaidearen gorpua hartu, zatikatu eta Israelgo lurralde guztietara igorri nituen puskak. Izan ere, israeldarrontzat zitalkeria higuingarria egin zuten haiek.

7 Hemen zaudeten israeldarrok, hitz egin zeuen artean eta hartu erabakia».

8 Herri osoak, aho batez, esan zuen: «Ez dadila inor ere joan bere oihal-etxolara, ez dadila itzul bere etxera.

9 Gibea hiriari eraso egin behar diogu, nork egin zozketatu ondoren.

10 Eta Israelgo leinu guztietan ehunetik hamar, milatik ehun, hamar milatik mila lagun bereiziko ditugu, Israelen halako itsuskeria egin duen Benjamingo Gibeari erasoko diotenei janaria ekar diezaieten».

11 Horrela, Israelgo gizon guztiek bat egin zuten, Gibea hiriaren kontra joateko.

12 Israeldar leinuetakoek mandatariak bidali zituzten Benjaminen leinuaren lurralde osora, esatera: «Nolako gaiztakeria gertatu da zuen artean?

13 Tira, emazkiguzue Gibeako gizon maltzur-gaizto horiek; hil egin behar ditugu, Israeldik gaitz hori kentzeko».Baina benjamindarrek ez zieten entzun nahi izan beren senide israeldarrei.

14 Alderantziz, benjamindar hirietatik Gibeara bildu ziren, israeldarren kontra borrokatzeko.

15 Hogeita hamasei mila gudari zenbatu zituzten egun hartan hirietatik etorriak, Gibeako bertako bizilagunak sartu gabe.

16 Horien guztien artean baziren aukerako zazpiehun gizon ezkerti; bakoitzak habailaz harria jaurti eta ile bat ere jo zezakeen, hutsik egin gabe.

17 Zenbatu zituzten israeldar gudariak ere: benjamindarrak sartu gabe, laurehun mila gudari ziren, ezpata erabiltzen trebeak.

18 Israeldarrek Betelera igo eta kontsulta egin zioten Jaunari:—Gure leinuetarik zeinek abiatu behar du lehenengo benjamindarrei erasotzera?Jaunak erantzun zien:—Lehenengo, Judak.

19 Biharamun goizean, israeldarrek jaiki eta Gibeatik hurbil ezarri zuten kanpalekua

20 eta guda-lerrotan antolatu ziren, Gibearen aurrez aurre, benjamindarrei erasotzeko.

21 Baina benjamindarrek Gibeatik irten eta hogeita bi mila gizon israeldarri lur joarazi zieten.

22-23 Orduan, israeldarrak Betelgo santutegira igo eta negarrez ari izan ziren arratsa arte. Ondoren, Jaunari kontsulta egin zioten:—Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari?Jaunak erantzun zien:—Ekin!Beraz, israeldar gudarostea, bizkorturik, guda-lerrotan antolatu zen berriro, lehenengo borrokaldia egina zuten toki berean.

24 Biharamunean, israeldarrak benjamindarrengana hurbildu ziren.

25 Baina bigarren egun hartan ere benjamindarrek Gibeatik atera, eraso eta lur joarazi zieten hemezortzi mila israeldarri, denak gudari trebeak ziren arren.

26 Orduan, israeldar guztiak eta gudarostea Betelera berriro igo eta Jaunaren aurrean eseriak egon ziren, negarrez eta baraurik arratsalde arte; gero, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jaunari.

27 Israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari; izan ere, egun haietan Betelen zegoen Jainkoaren itun-kutxa

28 eta Aaronen ondorengoetakoa zen Eleazarren seme Pinhasek zuen kultu-zerbitzua. Honako hau galdegin zioten Jaunari:—Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari ala utzi egin behar dugu?Jaunak erantzun zien:—Ekin! Eta bihar eskura emango dizkizuet.

29 Israeldarrek zelatan jarri zituzten gudari batzuk Gibea inguruan.

30 Aurrekoetan bezala, hirugarren egun hartan ere, israeldarrak guda-lerrotan jarri ziren, benjamindarren kontra borrokatzeko eta Gibea hiriari erasotzeko.

31 Atera ziren benjamindarrak israeldarrei aurre egiteko eta urrutiratu egin ziren beren hiritik. Aurrekoetan bezala, israeldarrak hiltzen hasi ziren landan, Betelerako bidean eta Gibearako bidean; hogeita hamarren bat israeldar bota zituzten.

32 Benjamindarrek zioten: «Menperatu ditugu aurrekoetan bezala». Israeldarrek, aldiz, zioten: «Egin dezagun ihes; horrela, erakarri egingo ditugu, hiritik urrunaraziz bideetan zehar».

33 Israeldarrak beren tokiak utzirik, guda-lerrotan antolatu ziren Baal-Tamar hiriaren aurrean. Zelatan zeuden israeldarrek, beren gordelekua utzirik, babesik txikiena zuen aldetik eraso zioten hiriari.

34 Bitartean, aukerako hamar mila gudari, Israel osokoak, Gibearen aurrez aurre jarri ziren. Gudua latza izan zen eta benjamindarrak ez ziren ohartu gainera zetorkien hondamenaz.

35 Jaunak hondatu egin zituen benjamindarrak israeldarren aurrean. Hogeita bost mila eta ehun benjamindar gudari trebe hil zituzten egun hartan israeldarrek.

36 Orduan konturatu ziren benjamindarrak galduak zeudela.Israeldarrek atzera egin zuten benjamindarren aurrean, Gibeari erasotzeko gorderik zeuden zelatariengan baitzuten konfiantza.

Borrokaren xehetasunak

37 Zelatariek eraso zioten oldarka Gibeari, zabaldu ziren eta hiriko jende guztia hil zuten ezpataz.

38 Israeldar gudariek eta zelatariek hitza emana zioten elkarri, zelatariek ke-seinalea igoaraziko zutela hiritik

39 eta israeldar gudariek, orduan, aurre egingo zietela benjamindarrei. Hauek, ordurako, hilak zituzten hogeita hamarren bat gizon israeldar eta pentsatzen ari ziren, aurreko gudukatzeetan bezala, menderatuak zituztela israeldarrak.

40 Baina ke-seinalea hiritik gora ateratzen hasi zenean, benjamindarrek atzera begiratu eta hiri osoa zerurainoko sugarretan zegoela ikusi zuten.

41 Orduan, israeldarrak itzuli ziren eta benjamindarrak izuturik gelditu, ikusi baitzuten nolako hondamena zetorkien.

42 Eta ihesari eman zioten israeldarren aurretik, basamorturako bidea hartuz; baina israeldarrek eta hiritik zetozen beste gudariek, bien erdian harrapaturik, xehatu egin zituzten

43 benjamindarrak, eta inguratu, pertsegitu eta Gibearen ekialderaino atsedenik eman gabe oinperatu zituzten.

44 Hemezortzi mila gudari benjamindar ausart erori ziren.

45 Atzea eman eta basamorturantz, Rimon harkaitzerantz, ihes egin zutenetarik ere bost mila gizon harrapatu zituzten bidean israeldarrek eta gainerakoak Gidomeraino pertsegitu, beste bi mila hilez.

46 Egun hartan hogeita bost mila gudari benjamindar erori ziren, denak gizon ausartak.

47 Atzera egin eta Rimon harkaitzeraino ihes egitea lortu zutenak seiehun gizon izan ziren, eta lau hilabetez egon behar izan zuten bertan.

48 Israeldarrak, benjamindarren kontra itzulirik, hiriz hiri ibili ziren, gizonak nahiz abereak eta aurkitzen zuten guztia ezpataz hilez. Eta su eman zieten aurkitu zituzten hiri guztiei.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21