7 Baina Jeftek ihardetsi zien:—Zuek, ni gorrotatu eta aitaren etxetik bota ninduzuenok, orain, estuasunean, niregana al zatozte?
8 Galaadeko arduradunek esan zioten Jefteri:—Horrexegatik gatozkizu, hain zuzen. Zatoz gurekin, borroka zaitez amondarren kontra, eta Galaadeko bizilagunen buruzagi izango zara.
9 Jeftek, orduan:—Amondarren kontra borrokatzera joatea nahi baduzue eta Jaunak eskura ematen baldin badizkit, neu izango nauzue buruzagi.
10 Galaadeko arduradunek erantzun zioten:—Jauna testigu, zuk esan bezala egiten ez badugu.
11 Orduan, Jefte Galaadeko arduradunekin joan eta herriak buruzagi eta gudalburu onartu zuen. Ondoren, Jeftek Mitzpako santutegian baietsi zuen hitzarmen hura.
12 Jeftek mezulariak bidali zizkion amondarren erregeari, esatera: «Zer duzu nire kontra, nire lurraldeari erasotzera etortzeko?»
13 Amondarren erregeak erantzun zien Jefteren mezulariei: «Egiptotik igotzean, nire lurraldean sartu eta Arnon errekatik Jabok erreka eta Jordan ibaia artekoa hartu zidaten israeldarrek. Itzul iezadazu orain bakean lurralde hori».