1 Efraimen leinuko gizonak bildu, Jordan ibaia igaro eta Tzafon hirira joan ziren. Eta esan zioten Jefteri:—Zergatik joan zara amondarren kontra borrokara guri dei egin gabe? Su emango diogu zure etxeari, zu barrenean zarela!
2 Jeftek erantzun:—Nik eta nire jendeak amondarrekin eztabaida gogorra izan genuenean, eskatu nizuen laguntza, baina zuek ez gintuzuen libratu haiengandik.
3 Beraz, salbatuko gintuenik ez zegoela ikustean, aurre egin nien amondarrei, neure bizia arriskatuz. Eta eskura eman zizkidan Jaunak. Zergatik zatozkidate orain niri borroka egitera?
4 Orduan, Jeftek, Galaadeko gizonak bildurik, efraimdarrei eraso eta menderatu egin zituen. Efraimdarrek esan ohi zuten, Efraim eta Manasesen lurralde artean bizi ziren galaadtarrak efraimdarren artetik alde eginak zirela.
5 Jordan ibaia Efraimen lurralderantz igarotzeko ibi edo pasabideak hartu zituzten galaadtarrek. Eta iheslarietakoren bat ibaia igarotzen uzteko eske hurbiltzean, efraimdarra zen galdetzen zioten; ezetz esaten bazuen, galaadtarrek
6 «xibbolet» esateko agintzen zioten. Hark, ordea, behar bezala ahoskatu ezin eta «sibbolet» esaten bazuen, harrapatu eta bertan, Jordango ibi ondoan, lepoa mozten zioten. Aldi hartan berrogeita bi mila efraimdar hil ziren.
7 Sei urtez gobernatu zuen Jeftek Israel. Jefte galaadtarra hil zenean, bere sorterrian, Galaad lurraldean, ehortzi zuten.