17 aditzera eman zion Samsonek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu, “nazireu” bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango».
18 Dalilak, egi-egia esan ziola oharturik, filistearren buruzagiei dei egin eta esan zien:—Zatozte, oraingoan azaldu baitit bere barrua.Hala, etorri ziren filistearren buruzagiak emakumeagana, dirua eskuan zekartela.
19 Eta Dalilak, Samsoni bere belaunetan lo harrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile-mototsak mozteko. Samsoni indarrak alde egin zionean, Dalila hura astintzen hasi zen,
20 esanez: «Horra! Filistearrak, Samson!» Esnatu zen Samson eta aurrekoetan bezala libratuko zela uste izan zuen; baina ez zekien Jaunak zapuztua zuela.
21 Hartu zuten, beraz, filistearrek, begiak atera, Gazara eraman eta brontzezko bi katez lotu zuten, eta errotarri bati eragin behar izan zion presondegian.
22 Hala ere, berriro luzatzen hasi zitzaion moztua zioten ilea.
23 Behinola, beren jainko Dagoni opari handi bat eskaintzeko eta jai alaia egiteko bildu ziren filistearren buruzagiak. Hau zioten:«Gure jainkoak eskura eman diguSamson gure etsaia!»