19 Gizonek erantzun zioten:—Ixo! Ez esan ezer. Zatoz gurekin eta gure kontseilari eta apaiz izanen zara. Zer duzu hobe, gizon bakarraren apaiz izan ala Israelgo leinu eta senitarte batena izan?
20 Atsegin izan zitzaion hori apaizari. Hartu zituen efod apaiz-jantzia, etxe-jainkoen irudiak eta idoloa, eta gizon-taldearekin joan zen.
21 Beste guztiek ere abiatu eta bideari jarraitu zioten, haurrak, abereak eta tresneria aurretik bidaliz.
22 Mikaren etxetik urrun zirelarik, Mikaren auzokoak asaldatu egin ziren eta Danen leinukoen ondoren abiatu,
23 atzetik oihuka. Danen leinukoek atzera begiratu eta galdetu zioten Mikari:—Zer duk hik jendea horrela asaldarazteko?
24 Mikak erantzun:—Neuk egindako jainko-irudiak eta apaiza osturik zoazte; ezer gabe utzi nauzue, eta zer dudan galdetu, gainera?
25 Danen leinukoek ihardetsi zioten:—Gure aurrean hobe duk isilik egon, gutakoren batzuk beren onetik irtenda zuei erasotzea eta hire bizia eta senitartea hondatzea nahi ez baduk!