10 Lebitarrak, ordea, ez zuen gaua han eman nahi izan eta, bi asto txalmatu eta ohaidea harturik, abiatu egin zen eta Jebus, hau da, Jerusalem, begiztatzera iritsi.
11 Jebus ondora heldu zireneko, ilunabarra zen. Morroiak esan zion nagusiari:—Tira, jo dezagun jebustarren hiri horretara; eman dezakegu bertan gaua.
12 Nagusiak ihardetsi zion:—Ez gara israeldarrik bizi ez den hiri arrotz batera joango; Gibearaino joango gara.
13 Gero, esan zion:—Tira, jo dezagun beste herri horietakoren batera; Gibean nahiz Raman emango dugu gaua.
14 Horrela, beraz, aurrera egin zuten bidean. Benjaminen dagoen Gibea herritik hurbil zirelarik, gorde egin zen eguzkia.
15 Bidea utzi eta Gibeara joan ziren gaua igarotzera. Herrian sartu eta plazan gelditu ziren; baina ez zien inork ostaturik eman bere etxean gaua igarotzeko.
16 Arratsean, horra non datorren gizon zahar bat soroko lanetik. Bera ere Efraimgo mendialdekoa zen, baina Gibean bizi zen etorkin gisa, bertako benjamindarren artean.