26 Ondoren, eraiki arreta handiz aldarea Jaunari, zeure Jainkoari, babesleku honen gailurrean eta, zezena harturik, eskain ezazu erre-oparitzat, puskatuko duzun zutoin sakratuaren egurren gainean.
27 Gedeonek, beraz, bere morroien artetik hamar gizon harturik, Jaunak agindu bezala egin zuen; alabaina, bere senitartekoen eta hiriko jendearen beldur baitzen, egunez egin beharrean, gauez egin zuen.
28 Biharamun goizean jaikitzean, hiriko jendeak Baalen aldarea norbaitek hautsi eta haren ondoko zutoin sakratua puskatu zuela ikusi zuen, eta idiskoa erre-oparitzat eskainia zuela aldare berrian.
29 Eta elkarri galdetu zioten: «Nork egin ote du hori?» Ikertu eta aztertu ondoren, Joaxen seme Gedeonek egin zuela jakin zuten.
30 Orduan, hiriko jendeak esan zion Joaxi:—Atera ezazu semea! Hil egin behar dugu, Baalen aldarea hautsi eta haren ondoan zegoen zutoin sakratua puskatu duelako.
31 Joaxek, ordea, erantzun zien inguruan zituenei:—Nor eta zuek Baal jainkoa defendatzen? Zuek bera salbatzen? Norbaitek defendatzen badu, halakoa bihar goizerako hila izanen da. Baal jainko baldin bada, defenda beza bere burua, berea baitzuen hautsitako aldarea.
32 Egun hartan Gedeoni Jerubaal goitizena eman zioten, esanez: «Defenda bedi Baal, beraren aldarea hautsi duenaren kontra!»