5 Ofrara, bere aitaren etxera, joan eta bere anaiak, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak, hil zituen, denak harri beraren gainean. Jerubaalen semerik gazteena, Jotam, besterik ez zen gelditu, gorde egin baitzen.
6 Orduan, Sikemgo nagusi guztiak eta Bet-Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldamenean dagoen arteondo ingurura joan ziren Abimelek errege izendatzera.
7 Jotamek, hori jakitean, Garizim mendi-gailurrera igo eta esan zuen garrasika: «Entzudazue, Sikemgo nagusiok, eta Jainkoak entzun diezazuela zuei!
8 «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: “Izan hadi gure errege!”
9 Baina olibondoak erantzun zien: “Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
10 «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikondoari: “Izan hadi gure errege!”
11 Baina pikondoak erantzun zien: “Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”